- Blog
- BBK Esperientziak
- Andoni Aizpuru Bizkaiko sagardoaren ‘2017ko Txotxaren’ protagonista izan da
Andoni Aizpuru Bizkaiko sagardoaren ‘2017ko Txotxaren’ protagonista izan da
Bizkaiak joan den urtarrilaren 18an hasi zuen ‘2017ko txotx’ denboraldi berria Zornotzako Uxarte sagardotegian. Hasierako ekitaldian Andoni Aizpuru euskal kazetariak parte hartu zuen, eta Bizkaiko sagardoaren aurtengo enbaxadore hau izan zen sagardo berriaren usain eta ahogozoak dastatu zituen lehenengoa.
Ekitaldian egon ziren, besteak beste, Elena Unzueta, Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatua; Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea; Andoni Agirrebeitia, Zornotzako alkatea; eta Aitor Intxaurraga, Bizkaiko Sagardogileen Elkarteko presidentea.
Uzta berriaren ezaugarri nagusiak ezagutarazi ziren festan, eta nabarmen geratu zen gaur egun Bizkaiko Sagardogileen Elkartea osatzen duten 8 artisau-upategietako ekoizleen lan edo beharra; hain zuzen ere, elkarte honek antolatu zuen festaren laugarren edizioa.
2017an iaz baino sagardo gutxiago egin da, eta aurten 125.000 litro daude guztira kupeletan. Jaitsiera honen arrazoi nagusietako bat sagar-uzta txikiagoa izan da, sagarrondoek autoerregulatzera jotzen baitute berez, hau da, urte batean sagar asko izaten bada, hurrengoan normala da gutxiago izatea.
Klimatologia ere erabakigarria izan da gutxitze honetan, udaberria hotza eta uda lehorra izan baitziren.
Sagardoa %100 bertoko sagarrez egina da, Durangalde, Busturialde, Uribe Kosta, Txorierri eta Lea-Artibaiko sagarrez, alegia; eta sagar sano eta kalitatezkoa iritsi da upategietara.
Ekitaldiaren antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez, 2017ko sagardoa “oso usaintsua eta freskoa da, intentsoagoa, gorputz sendokoa ahoan eta kolorez ilunagoa”. Gainera, aurtengo sagardoak aurreko urteetan baino tanino eta polifenol gehiago ditu, eta alkohol-graduazioa 2016koa baino apalagoa da, % 6-6,5 ingurukoa.
Jose Antonio Zamalloak, Uxarte Sagardotegiko eta ekitaldiaren anfitrioiak, ilusioz aurre egiten dio Bizkaiko sagardoaren etapa berri honi. Ekoizleak esan du sagardo berriak "aroma edo usain interesgarri eta primarioarekin, duda barik ezaugarri onak izateko itxura duela, emaitza onak botilan eta onarpen ona kontsumitzaileen aldetik”.
Ekitaldiak balio izan zuen, gainera, 2017 honek sagardoari dakarkion beste berrikuntza bat gogorarazteko ere. Aitor Intxaurragak, Elkarteko presidenteak, azaldu zuenez, Elkarteko ekoizle gehienak Euskal Sagardoa marka berrian sartuta daude, eta hau datorren apirilean hasiko da merkaturatzen eta Eusko Label sagardoaren lekukoa hartuko du.
Deitura berri honek Euskal Herriko bertoko sagarrak bakarrik erabiliko ditu.
“Beste urrats bat da produktuaz dugun ikuspegian, eta zuzenean loturik dago Elkarteko ekoizleen filosofiarekin”, ziurtatu zuen Intxaurragak.
20/01/2017 Kategoriak: BBK Esperientziak Etiketak: Sidra