Nekazaritza Ekologikoa eta integratzailea

BIOESKOLA

Zamudion 21.000 m2ko sail batean, eta zehatz esanda Bizkaiko Teknologia Parkearen barruan, dago BBK Bioeskola. Nekazaritza-ustiategi hau 2013an sortu zen, Emausek kudeatzen du, buruko gaixotasunak dituzten pertsonak gizartean eta lan-munduan sartzen laguntzea du helburu, eta horretarako lehen sektorean jarduteko prestakuntza ematen die.

Gaur egun, egunero 21 lagun ibiltzen dira bere ortuetan, gehienak Zamudioko Ospitalekoak, eta hiru begiraleren laguntza izaten dute. Beti teknika ekologikoen bidez, lurretik ateratzean dituzten emaitzez astero 60-65 saski betetzen dituzte, eta Bilbo Handian eta Teknologia Parkean bertan banatzen dituzte, batez ere.

Eneko Unzaluk eta Veronica Vicariok jardunean hasi zen lehen egunetik ezagutu dute zentro hau. Hemen lortu dute lan-trebakuntza, baina beste alderdi batzuk ere ikasten dituzte, adibidez, gizarte-gaitasunen eremuan. “Niretzat oso esperientzia ona da", esan du Veronikak, "oso gauza ezberdinak egin eta emankor sentitzeko aukera ematen dit".

“Batzuetan gogorra da, baina oso esker onekoa beti”, erantsi du Enekok, eta gogoratu du neguan aire zabalean lan egitea ezerosoa izaten dela batzuetan. Beraiek hazten ikusi dute BBK Bioeskola, eta harro berba egiten dute hemen egin duten behar guztiaz.

“Denok joan gara hobetuz, elkarri erakutsi eta ikasiz”, esan du Irama Elgezabalek, Emauseko teknikariak, eta azaldu du “tailerrean ez dagoela ekoizpen-eskakizunik, baina bai ohiturak eta trebetasunak ikasi beharra”. Azken helburua parte-hartzaileak gizartean eta produkzio-sarean txertatzea da.

“Gure ekoizpena ekologikoa da: lur-substratuan landatzen dugu, ez dugu erabiltzen sintesi kimikoan jatorria duen produkturik, tratatu gabeko haziak erabiltzen ditugu eta ongarri organikoa", kontatu du Gorka Mayor-ek, zentroko beste begirale batek.

Beti ekoizten dituzte sasoiko barazkiak, tradizionalenak (zerbak…) nahiz exotikoagoak (Pak Choi). Arrakastatsuenak "tomatea, lekak eta piperrak dira, Gernikakoak eta italiarrak", Eneko eta Veronicaren arabera. Neguan azak, porruak edo babak izaten dituzte.

Nork erosten ditu beraien saskiak? “Gure bezeroak kontsumitzaile hutsak baino gehiago dira, laguntzaileak ere badira, proiektuaren gizarte- eta ingurumen-alderdiekin sentsibilizaturiko jendea baita”, dio Gorkak. Beraien hurrengo proiektuen artean ikasten jarraitzea eta fruta ekoizten hastea daude.

 

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1