Abadiño Sanblasetan

Herri sineskeren arabera, san Blas Obispoa eta san Antonio Abad dira etxeko abereen zaindariak; horregatik, euren egunez ganaduak bedeinkatzen ziren, eta herri batzuetan, lanerako ganaduek ez zuten beharrik egiten.

San Blas egunean, otsailaren 3an, pertsonen osasuna zaintzeko bedeinkatzen diren hari, elikagai eta gozokiez gainera, ganadu eta etxeko animaliei emateko artoa, garia, garagarra, ogia eta gatza ere bedeinkatzen dira, haiek ere eztarriko gaitzetatik babesteko. Bizkaiko herri batzuetan san Blas haria ere jartzen diete; Bernagoitian eta Garain, kasurako, ardi ederrenei ipintzen zaie haria begizkotik gordeta egon daitezen.

Pertsonei dagokienez, orokorra izan da eztarriko minak osatzeko san Blasi laguntza eskatzea. Bere jaiegunean, hainbat eliza eta ermitatan, hariak, malba zurizko gozokiak, frutak, erroskilak, opilak eta beste jateko batzuk bedeinkatzen dituzte. San Blas haria saman ipini eta bederatzi egunetan eramaten da aldean, eztarriko gaixoetatik babestuta egoteko. Denbora hori igarota erre egin behar izaten da, Gurutzearen seinalea egin edo Salbea errezatu eta gero. Bermeon, Kurtzio ermitan, san Blas egunez umeak eurak ere bedeinkatu egiten dituzte.

Baina san Blas dela eta, ezin aipatu barik utzi Abadiño. Bertan ospatzen dute Euskal Herriko abeltzaintza-feria eta nekazaritza-azokarik garrantzitsuenetako bat. Feria XVIII. mendean egiten hasi ziren, herriko san Blas Kofradia sortu zenean, herriko abeltzainek hartzen zutela antolatzeko ardura. Ibilbide honetan garrantzi apartekoa izan du zaldi-aziendak, behiak eta ardiak ahaztu barik.

Beste garai batean feria hainbat egunetan egiten zen, san Blas inguruko jaiegunak hartzen zituela: Kandela eguna, san Blas, San Blas Txiki, santa Ageda, Kozineren eguna... Otsailaren 3a nagusien eguna izaten zen; hurrengoa, ostera, gazte eta neska-mutil bikoteena. Pozarren joaten ziren albo-herri guztietatik egun horretako erromeriara. Gainera, san Blas Txiki eguna, santa Ageda bezpera ere bazenez, gazteak santa-eskeko koplak abesten bueltatzen ziren etxera.

Berrogeita hamar eta hirurogeiko hamarkadetan jende gutxiago zetorrela oharturik, 1967an feria indartzeko beharrizana ikusi zen. Gerediaga Elkartearen proposamenez hainbat erakundek hartu zuen parte bizkortze horretan, gaur egun ezagutzen dugun azoka bihurtu arte.

Gaur egun azokak bost gune desberdin ditu eta euretan era guztietako ganaduak, nekazaritza-makinak, landareak, eskulangintza eta baserri eta ortuetako jenerorik aukerakoenak ikusi daitezke. Ez dira falta san Blas kordoiak erosteko postuak eta talo eta txorizo gozoa jatekoak.

Azoka bertan parte hartzen dutenen eskutik zuzenean ezagutzako, Elorrioko Maite Leanizbarrutiarengana jo dugu. Maitek ogia eta euskal pastela egiten ditu, eta hogei urte da Abadiñora joaten dela. Eskualde osoan tradizio handiko feria dela esan digu, bai adinekoentzat, bai gazteentzat, hutsik egin barik joaten dira eta. Aldi batean ganaduak indar handiagoa bazuen ere, gaur egun beste salgai batzuk ere eskaintzen dira: ortuariak, ogiak, gaztak, gozo jeneroak, eztia… Baita ondo saldu ere antza! Orain dela hamarkada batzuk egun horretako bereziena erroskilak izaten ziren; gaur egun, ostera, san Blas opilak hartu du jendearen artean lehenengo lekua.

Jon Kepa Agirregoikoa, Etxanoko abeltzain gaztearekin ere hitz egin dugu. Jon Kepak ahuntz- eta behi-esneaz egindako gaztak eramaten ditu, onduak eta freskoak. Saltzaile gaztea da, aurten laugarrenez joango da Abadiñora, eta berak esan digunez, urteko azokarik garrantzitsuenetakoa da, jende asko joaten da eta. Bera, gainera, Durangoko plazara joaten da astero eta jende askok horretatik ezagutzen duenez, Abadiñon postura etortzen zaizkio bezeroak bere produktuen bila.

Amaitzeko, herri-kopla bat ekarriko dugu, jai horren ereserki edo himno antzeko zerbait bihurtu dena:

 

Abadiño sanblasetan,

neska zaharrak bentanetan,

mutil zaharrak engainetan,

Abadiño sanblasetan.

 

 

Akaitze Kamiruaga-ren artikulua

Labayru Fundazioa

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1