- Azokak
- Urriko Azken Astelehena Gernika-Lumon
Gernika-Lumo
Urriko Azken Astelehena Gernika-Lumon
Noiz: Urriak 30. 2017
80.000 pertsona baino gehiago izan ziren joan zen urriaren 30ean Gernika-Lumoko kaleetan Urriko Azken Astelehenaz gozatzeko, euskal nekazaritzaren erreferentziazko hitzorduetako batez, hain zuzen. Euriak eta eguraldi txarrak ez zuten eragotzi aurten ere Bizkaiko udalerri hau festa handi bat izatea, askorentzat gauera arte luzatu zen festa.
Goizeko lehen ordutik, beren produkturik onenen aukera zabala eskaini zieten baserritarrek azokara etorritakoei, horretarakoxe jarrita zeuden 333 postuetan. Gaztak izan ziren azokaren edizio honetako protagonista ukaezinak, guztira 65 stand baitzeuden, eta ondoren ortuariak (45), eskulangile edo artisauen postuak (50) eta txakolina (20).
Urtero legez, ez ziren falta izan beste postu batzuk ere: ogia eta euskal pastela (22), kontserbak (17), makinak (12), frutak (7), sagardoa (7), erroskilak (7), eztia (6), esnekiak (4) eta beste hamar postu hainbat produkturekin.
Ohikoa den legez, azokaren esparruan nekazaritza-lehiaketa ospetsua egin zen, eta berton adituen epaimahai batek Urriko Azken Asteleheneko ortuari, fruta, landare apaingarri, txakolin, ezti eta gazta onenak aukeratu zituen.
Ortuarien kategorian, saria Berangoko Momoitio baserrira joan zen, eta Olaberriko Aizpea gaztandegiak bereganatu zuen gazta onenaren saria. Garikoitz Llona izan zen txilar-eztiaren kategorian irabazlea eta Javier Larrinaga mila loreko eztiaren atalean.
Fruten kategorian Gatikako Itziar Etxebarriak jaso zuen lehen saria, Muxikako Maria Graciak lortu zuen saria loreen atalean. Txakolinaren kategorian sarien irabazleak hauek izan ziren: Txabarri upategia Abeitxa txakolinarekin (zuria), Butroi upategia Sasina-rekin (gorria) eta Maixu Txakolina bere Filoxera-rekin (beltza).
Noski, gaztaren ohiko enkantea ere egin zen, eta etekinak aurten nagusien Calzada egoitzarentzat izango dira. Gaztarik onenagatik 6.500 euro ordaindu ziren enkantean, eta Ramon Bilbao upategiko jakitokira joan zen. Bestalde, Xaibor diskotekak bereganatu zuen bigarren gazta 2.000 euro ordainduta.
Kirola ere presente egon zen Urriko Azken Astelehenean eta 18:00etan zesta puntako finala jokatu zen herriko Jai Alai pilotalekuan. Aldi berean, Santanape pilotalekuan esku-pilotako bi norgehiagoka izan ziren, horietan gorazarre egin zitzaiolarik Alexis Apraiz pilotari ohiari.
Askok esperotako hitzordua, eta egun ederra osatzeko bertsolarien errimak, musika-animazioa eta, batez ere, bertaratutako guztien gogo handia, aurten ere Gernika-Lumora etorri zirelarik Euskal Herriko girorik jatorrenaz gozatzeko.
Argazkiak: Gernika-Lumoko Udala
06/11/2017 Kategoriak: Pasatutako Azokak Etiketak: Ferias