• Azokak
  • Urriko azken astelehena

Gernika-Lumo

Urriko azken astelehena

Non: Artekale
Noiz: Urriak 31. 2016

Aurten ere urriko azken asteleheneko ohiko nekazaritza-azokak marka guztiak hautsi ditu. Joan zen astelehenean, hilak 31, 140.000 pertsona inguru izan ziren Gernikako kaleetan, eguraldi eguzkitsuak eta bi jaien arteko zubiak festaz gozatzera bultzatu baitzuen jendea.

Gernika euskal nekazaritzaren erakusleihorik handiena bihurtu zen, guztira nekazaritza eta eskulangintzako 332 postu jarri zirelarik. Goizeko lehen ordutik, goiztiarrenak, berokia jantzita oraindik ere, hiriko kale nagusiak betetzen hasi ziren. Laster iritsi zen beroa ere, eta horrekin batera, gero eta bisitari gehiago, Euskal Herriko txoko guztietatik etorriak, ez baitzuten hitzordu honetan huts egin gura izan.  

Era guztietako produktuak dastatu eta erosteko giro alaia izan zen egun osoan trikitilarien musikari eta bertsolariei esker. Arratsaldean, Jai Alai pilotalekua mukuru bete zen esku pilota eta zesta puntako ohiko partidak ikusteko.

Produktuen aurkezpen zainduak eta beraien kalitateak begiluze askoren arreta erakarri zuten. Baina, zalantza barik, azokako protagonista ukaezina gazta izan zen, barietate askorekin, eta guztira 64 standekin.

Goiz egitekotsuaren ostean, sari-emateari ekin zitzaion. Aurten, saria Gamiz-Fikako Gorka Irazabalentzat izan zen ortuarien kategorian, eta Gatikako Itziar Etxebarriarentzat fruten kategorian. Eztiaren kategorian sariak, iaz bezala, Zornotzako Valentín Llonarentzat (mila lore) eta Kortezubiko Javier Larrinagarentzat (txilar-eztia) izan ziren.  

Loreen kategorian saria Gernika-Lumoko Mari Carmen Alzibarrentzat izan zen. Txakolinari dagokionez, sariak Zallako José Domingo Txabarri-rentzat izan ziren zuri eta beltz modalitateetan, eta José Antonio Torrerentzat txakolin gorrian. Olaberriako Aizpea gaztandegia izan zen gazta-lehiaketaren irabazle ukaezina, Mutrikuko Goienetxerentzat bigarren saria, eta Galarretako Azkarrarentzat hirugarrena.

Sari-banaketaren ostean, gazta irabazlearen enkante ospetsua egin zen Gernikan. Aurten, Xaibor diskotekak bereganatu zituen bi enkanteak: 100 euro bigarren gaztagatik eta 5.000 euro lehenengoagatik.

Goza ezazue eguneko irudirik onenekin!

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1