• Azokak
  • SONDIKAKO ESKULANGINTZA ETA NEKAZARITZA AZOKA

Sondika

SONDIKAKO ESKULANGINTZA ETA NEKAZARITZA AZOKA

Non: Ikurriña Plaza
Noiz: Azaroak 13. 2016

Hogeita hamarren bat baserritar, 20 stand eskulangintza edo artisautzakoak, txikienentzako tailerrak edo herri-kirolen erakustaldia. Osagai horiekin guztiekin Sondikako Eskulangintza eta Nekazaritza Azokak joan zen igandean, azaroaren 13an, bi hamarkada bete zituen eta nagusi eta umeentzat asegarria izateko moduko egitaraua eskaini zuen.

Txorierriko herri honetako tren-geltokiaren aparkalekua egun batez topaketa-gune izan zen Bizkaiko nekazaritzako elikagaien ekoizleentzat, eta, karpa zabal baten pean babesturik, produktu gastronomikoen aukera handia erakutsi zieten bisitariei: ortuariak, gazta, frutak, eztia edo ogia.

Aldi berean Ikurriña plazan artisau-produktuen standak jarri ziren, garbi agertuz han gure lurraldeko eskulangileek jartzen dituzten mimoa eta ardura artilea, zura, larrua edo papera bezalako gaiak eskuz lantzeko orduan.

Heldu edo nagusiek azokaz gozatzen zuten bitartean, umeek ohiko taloak egiten ikasi zuten eta zeramikazko irudiak sortzen saiatu ziren bi tailer edo lantegitan, etxeko txikienak ere lehen sektorearen errealitatean zelanbait murgiltzeko. Lantegiez gain, azokan “Tantaz tanta itsasoa bete arte” ekinbidea izan zen, euskararen gizarte-erabilera bultzatzeko helburua duena.

Sondikako Eskulangintza eta Nekazaritza Azokaren 20. edizioak keinu bat ere egin nahi izan zien behartsuenei, galkorrak ez diren elikagaiak bildu eta gero Elikagaien Bankuarekin lan egiten duen erakundeari emanez. 

Azokaren esparruan, euskal herri-kirolen zaleek aukera izan zuten erakustaldi ederraz gozatzeko; aldi berean Ipar Elaiak taldeko txistulariek eta Triki Xabier-ek musikaz alaitu zuten giroa, egun osoan euria izan baitzen bertan.

Sondikako azokaren edizio berria "arrakastatsutzat" jo zuten antolatzaileek, eta pozik zeuden bai Txorierriko herri honetara etorri ziren bisitarien kopuruagatik eta bai erakusketan parte hartu zuten ekoizleen kopuruagatik.   

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1