Bilbao

Santo Tomas 2015

Noiz: Abenduak 21. 2015

San Tomasek aurten elkartasun-kutsu nabarmena izango du Bizkaiko hiriburuan. Bilboko Areatzan eta Plaza Barrian berriro ere milaka lagun batuko dira, gure lurraren askotariko emaitza gozoek erakarrita, baita Gabon aurreko jai-giro ederrak ere, baina oraingoan elkartasunezko keinu bat ere izango da.

Nekazaritza eta abeltzaintzako ohiko azoka abenduaren 21ean, astelehenean, izango da, eta aurten, gerrak edo naturaren hondamendiak direla-eta, beren etxetik irtetera beharturik aurkitu diren pertsonen errealitateari begiratuko zaio.
Horren haritik, azoka antolatzen duen BBK Fundazioak Errefuxiatuen Laguntzarako Euskadiko Batzordeak (CEAR) giza eskubideen alde eta errefuxiatuen eta gizarte-bazterketaren arriskuan daudenen alde egiten duen beharra aitortu edo aintzatetsiko du.

Hasierako ekitaldia Areatzako azoka-esparruan izango da 10:30ean, eta BBK-ko lehendakari Xabier Sagredok azokako ohiko etxolen erreplika bat emango dio CEAR Euskadiko lehendakari den Javier Galparsorori.

Gainera, nekazaritzako produktuen saltokiez gain, BBK-k gune solidario bat izango du, bere behargin boluntarioek kudeatua, CEAR Euskadirentzat dirua batzeko helburuarekin.

 


286 saltoki

Aurtengo edizioan 286 postu izango dira guztira Bizkaiko baserritarrek egindako produktuak salerosteko: ortuariak, frutak, gaztak, eztia, hestebeteak, kontserbak, ogia, ohiko gozokiak, txakolina, sagardoa, esnekiak, landareak eta abar.

Aurten guztira 140 ekoizlek hartuko dute parte eta kalitate handiko produktuak eskainiko dizkiete bizkaitarrei, hazitik azken produkturaino ekoizpen-kate osoaren kontrolean oinarrituriko ereduaren emaitza.

Aurten ere, BBK Fundazioak saltokiak ipiniko ditu, 62 guztira, Plaza Barrian, Bilboko Alde Zaharrean, Areatza guneko jendetza apur bat arintzeko helburuarekin.

 

Bioeskola BBK

San Tomas Azoka ez da ahaztuko etxeko gaztetxoenez. Hori dela-eta, Arriaga Plazan Bioeskola BBK etxola jarriko da, eta bertan umeentzako tailerrak izango dira eskola ekologiko honen zeregin edo beharra ezagutzera emateko.

BBK Bioeskola, Bizkaiko Teknologia Parkean kokatua, nekazaritzako ustiategi bat da, bertan Zamudio Ospitaleko 20 lagunek egiten dute beharra, egoera ahulean dagoen jendearen enplegua sustatzeko, ekoizpen ekologikoa bultzatu eta lehen sektorea indartzeko.
Etxolan izango den lehenengo tailerrean, norberak jateko minipizza bat egingo da. Jarduera honetan parte hartuko duten okin txikiak ortuariak aukeratzeaz arduratuko dira, horiekin osatzeko snacka, beraiek orea egin eta labean errea.
Baina beste tailer bat ere izango da, eta bertan neska-mutikoek askotariko txapak egingo dituzte.
BBK Bioeskola etxolako tailerren ordutegia 10:00etan hasi eta 13:30ak artekoa izango da.

 

 

BBK Sariak baserritarrentzat

Duela lau urtetik hona, San Tomas esparruaz baliatzen da BBK Bizkaiko baserritarrei omenaldia egiteko, baina azoka amaitu eta egun batzuk geroago egiten da hori, abenduaren 21ean saltokietara etortzen diren erosle ugariez ardura daitezen ekoizleak.
Aurreikusiaren arabera, sari-ematea datoren urtarrilaren 12an egingo da BBK Salan, horrela aintzat hartzeko San Tomas Azokan eta urtean zehar Bizkaiko hainbat herritan egiten diren azoketan parte-hartzen duten ekoizleek egindako beharra.
Aintzatespen horretan ohorezko plaka ematea eta 600 euroko saria sartzen dira.

 

San Tomas Azoka egitaraua - abenduaren 21a, astelehena
9:00 – 20:00 Produktu tipikoen salerosketa BBK postuetan Areatzan eta Plaza Barrian
10:30 Hasierako ekitaldia Bilboko Areatzan
10:00 – 13:30 BBK Bioeskola umeentzako tailerrak Arriaga Plazan

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1