• Azokak
  • SAN TOMASEKO NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA AZOKA

Bilbo

SAN TOMASEKO NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA AZOKA

Non: Alde Zaharreko Areatzan eta Plaza Barrian
Noiz: Abenduak 21. 2016

Gabonak hurbiltzen ari direnaren lehenengo seinalea San Tomas Azoka iristea izaten da, eta urtero Bilboren erdigunea Bizkaiko ortuetatik ekarritako produktuz betetzen da eta festan murgildu gura izaten duten lagun-taldeak eta familia osoak batzen dira bertan.

Joan zen abenduaren 21ean hitzorduak 69. edizioa izan zuen eta guztira 140 ekoizle elkartu ziren, Areatzan eta Alde Zaharreko Plaza Barrian jarritako 286 saltokietan banaturik. Gure baserritarren lurrin gozo eta zaporea jendearengana iritsi ziren ohiko produktuen bidez: ortuariak, frutak, gaztak, gozokiak, eztia, kontserbak edo txakolina.

Goizeko lehen orduan, eta euria egiten zuen arren, goiztiarrenak azokara iristen hasi ziren. Haietako asko hasiera emateko ekitaldira iritsi ziren: BBK-k, Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin batera, emakumezko zenbait kirolari ospetsu omendu zituen kirolean berdintasuna sustatzen egindako lanagatik. 

Goiz erdian, jendea erruz zebilen hiriaren erdian, etengabe paseoan bertoko produktu asko dastatzeko eta etxe askotan Gabonetako menuaren parte izango diren elikagaiak erosteko. Han izan ziren ohiko gazta eta urdaiazpikozko pintxoak, bi erakusketa-guneetan ibiltzea erakargarriago bihurtu zutenak.

Standetako batzuk berrikuntzaren gurdira igo ziren eta ohiko hamaiketakoaren ─talo eta txorizoaren─ ordez, bakailao eta arrautza frijituzko bertsioak egin zituzten, baina hori bai, betiere jatorrizko deiturako sagardoaz lagunduta.

Musika ere izan zen azokan protagonista garrantzitsua, goizean goiz hasi baitzen Areatzan jai-giroa alaitzen. Euskal dantzek Plaza Barriaren erdigunea hartu zuten eta adoretsuenak taldeko koreografian sartu ziren.

Txikienek ere beren erara ederto bizi izan zuten San Tomas azoka. Arriaga Antzokiko plazan zegoen bulegoan Olentzerori eskutitzak bidaltzeaz gain, abere biziez, untxi eta oiloez, gozatu zuten, baserritar batzuek salgai baitzituzten Plaza Barrian.

Festaz, gastronomiaz eta musikaz gain, elkartasunak ere bere tartea izan zuen azokaren edizio honetan.  BBK-k txosna solidarioa jarri zuen Areatzaren erdian, eta Bizkaiko Gurutze Gorriak umeei laguntzeko dituen egitasmoetarako izango da oso-osorik han baturikoa.

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1