- Azokak
- San Lorentzoko azoka
Algortako San Nicolas enparantza
San Lorentzoko azoka
Non: Algortako San Nicolas enparantza
Noiz: Abustuak 10. 2017
Euriak eta hotzak ezin izan zituzten inola ere uxatu joan den ostegunean baserriko produktu tipikoenez gozatzeko Getxoko San Lorentzoko azokara hurbildu ziren milaka lagunak. Zehazki, antolatzaileek emandako zifraren arabera, 10.000 bisitari inguru ibili ziren postuz postu Getxoko udaleko kultur etxeak eta BBKk antolatutako feria honetan eskaintzen ziren produktuak ikusten eta erosten.
Goiztiarrenak oso garaiz iritsi ziren, goizeko 10etan azoka ofizialki ireki aurretik, eta lehenengo erosketak lasai egiteko aukera izan zuten, Biotz Alai eta San Nikolaseko plazetan kokatutako 60 postuetan banatutako 53 ekoizleek eskaintzen zituzten produktu guztien artean gogokoenak hautatuz.
Azoka ireki eta ordubetera, San Lorentzo eguna ospatzeko giro bikaina zegoen azokarako jarritako bi kokalekuetan zebilen jendearen artean, herriko trikitilarien soinu alaiak gehitutako animazioarekin eta inguruan irekitako txosnek erantsitako pizgarriarekin.
Inork ere ez zuen goseak geratzeko aitzakiarik izan, Getxoko feriak tradizionalki eskaintzen duen produktu-aukera zabalean ez baitziren falta barazkiak, txerrikiak eta ahatekiak, pateak, lekaleak, txakolina, euskal pastela, baserriko ogi tradizionalak, landareak eta loreak, gaztak, eztia eta beste hainbat eta hainbat gutizia.
Baina ekoizleen lana ez zen hor amaitu. Errekonozimendu handiena goiz erdian etorri zen, barazki, fruta eta gazta onenak hautatzeko urtero egiten diren lehiaketekin, eta Bizkaiko ekoizleek irabazi zituzten sari nagusiak. Fruten kategorian, Gatikako Itziar Etxebarriak (Etxebarria baserria) lortu zuen lehenengo postua. Gaztarik onenaren saria, berriz, Mallabiko Eñaut Gallastegirentzat izan zen (Onandi Gazta),
Bereziki aipatu beharrekoa, halere, Momoitio baserriko Begoña Lumbrerasek lortutako errekonozimendua, barazkien kategoriako saria irabazita. Izan ere, Berangoko baserritarrak BBK Azokarekin kolaboratzen du bere produktuak gure online dendan eskainiz.
Bisitarien poltsikoak eta poltsak euskal baserriko produktu tipikoz goraino beteta, jai giro bete-betean jarraitu zuen feriak gauean ere Biotz-Alai plazan, izen bereko abesbatzaren urteroko kontzertuarekin, egun bikainari merezi zuen amaiera kantuz emateko.
21/08/2017 Kategoriak: Pasatutako Azokak Etiketak: Ferias