- Azokak
- Plentziako nekazaritza eta abeltzaintza azoka
Plentzia
Plentziako nekazaritza eta abeltzaintza azoka
Noiz: Irailak 01. 2017
Iraila hastea errutina edo ohiko egunerokotasunera itzultzea da askorentzat, eta udari behin betiko agur esatea. Hala ere, Plentziako kosta-herriarentzat San Antolin jaiei ongietorria ematea da, eta jaiekin, dibertsioz, tradizioz eta kulturaz beteriko jai-programazioari ongietorria ematea.
Herriko zaindari-jaien barruan, Plentziak San Antolin nekazaritza eta abeltzaintza azokaren 125. edizioa egin zuen irailaren 1ean.
Bertaratu zirenek aukera izan zuten baserriko produktu tipiko asko dastatu eta erosteko, Ibiltokian horretarakoxe jarri ziren 60 standetan. Azoka ospetsuan elkarturiko bizkaitar baserritarrek, besteak beste, frutak, arrain-kontserbak, ogia, zezina, txakolina, sagardoa, marmeladak eta pateak ekarri zituzten Plentziako hirigunera.
Aurreko edizioetan legez, eta azokarekin batera, lehiaketa egin zen Bizkaiko ekoizlerik onenak saritzeko ortuari, fruta eta gazta kategorietan. Ortuarien atalean, Momoitio baserriko Begoña Lumbreras-entzat izan zen saria, eta fruten kategorian saritua Itziar Etxebarria izan zen, Gatikakoa.
Ubideko Pagobieta gaztandegiak bigarren saria lortu zuen gazta kategorian, eta Abadiñoko Atxarte gaztandegia izan zen aurtengo edizioaren irabazlea.
Azoka sonatuaz gain, euskal jantzi tradizionalen ohiko erakusketa ere izan zen jaiegun honetan, plentziarrek gehien esperotako ekitaldietako bat, aukera honetaz baliatzen direlarik antzina Bizkaiko baserritarrak eta marinelak janzten ziren legez janzteko.
Eguna osatzeko eta dinamizatzeko jarduera-egitarau zabala izan zen, eta nabarmentzekoak, besteak beste, bertsolariak (Miren Amuriza, Etxaun Lekue eta Beñat Gaztelumendi), zezen suzkoa, playback lehiaketa, eta Bilboko Huntza taldearen kontzertua.
05/09/2017 Kategoriak: Pasatutako Azokak Etiketak: Ferias