- Azokak
- Muskizko nekazaritza azoka
Muskiz
Muskizko nekazaritza azoka
Non: San Joan Plaza, Muskiz
Noiz: Irailak 18. 2016
Muskizko San Joan Plaza dotore jantzi zen joan zen igandean, irailaren 18an, bere Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokaren azken edizioa bertan egiteko.
Hodeiak zeuden meatze-herriko zeru goian eta jaieguna euripean igaroko zela pentsa zitekeen, baina eguraldiak eutsi egin zion eta bertaratuek goiz-goizetik bete zituzten azokarako prestaturiko ia ehun standak.
Muskizko azoka bertan produktu asko eta programaturiko jarduera ugari izaten delako nabarmentzen da.
Aurtengo edizioan, hogeita hamaseigarrena, guztira Bizkaiko 61 baserritarrek erakutsi zuten harro beren generoa, ortuko ohiko gaiak ezohikoagoak diren beste batzuekin (txokolate, txakolin-bermut edo artisau-garagardoarekin) konbinatuz.
Nekazaritza-produktuen eskaintzarekin batera, Muskizen abere-erakusketa egiten da, ia guztiak abeltzain muskiztarrenak; aurtengo edizioan 118 abelburu batu ziren han behi, ardi eta ahuntzen artean.
Orduak igaro ahala, erakusketen ordez, beste jarduera batzuk nagusitu ziren: artzain-txakurren erakustaldiak, txakolin- eta zaldi-lehiaketak, horiek berenganatuz arreta egunaren erdialdeko orduetan.
Urteroko eskualdeko zaldi-lehiaketak begiluze eta zaldi zale asko batu zituen, meatze-eskualdeko odolgarbi nahiz odol nahasiko arraza onenak miretsi eta gozatzeko.
Tartean, eguneko ekitaldirik garrantzitsuena egin zen, Txakolinaren Sariketa Handiaren ohiko lehiaketa, ‘Bizkaiko Txakolina’ sormarka edo jatorrizko deiturako ekoizle onenak aitortzen dituena hainbat barietatetan.
Sariak aurten Zallako Txabarri-Abeitxa upategiarentzat izan dira zurien kategorian. Larrabetzuko Sasine upategiak, bestalde, txakolin gorri onenaren ─jendartean “oilar begi” legez ezagutzen da─ saria bereganatu zuen. Eta Lezamako Erdikoetxe upategiak zuririk onenaren saria lortu zuen. Ustiategi honetako produktuak gure online dendan daude eskuragai.
Muskizko azoka ezinbesteko hitzordu bihurtu da Bizkaiko lurralde historikoko baserritar, abeltzain eta artzain askorentzat, eta erakargarria da lehen sektorearen honelako hitzorduetara joan ohi diren guztientzat.
22/09/2016 Kategoriak: Pasatutako Azokak Etiketak: Txakoli