- Azokak
- MUNGIAKO SAN ANTONTXU AZOKA
Mungia
MUNGIAKO SAN ANTONTXU AZOKA
Non: Mungia
Noiz: Urtarrilak 18. 2017
Mungiatarrentzat hitzordu garrantzitsu bat baldin badago, San Antontxu azokakoa da hori. Urtarrilaren 18an, San Anton biharamunean, Mungia ezinbesteko hitzordu bihurtzen da euskal nekazaritza maite dutenentzat, eta, noski, herrikoentzat ere bai.
Esaera zahar batek dioenez, “San Antón, bisigu zaharra al montón”, baina egia esateko, bisiguak izan ezik, Mungiako San Antontxun ia denetik aurkitzen da.
Herriaren erdialdean batu ziren bertoko produktuak (babarrunak, gaztak, kontserbak, ortuariak edo frutak) erakutsi eta saltzeko standak. Jakina, han izan ziren Bizkaiko txakolina, gildak, euskal pastela eta ohiko gozokiez gozatu ezin dutenentzat pasta ekologikoak eta glutenik gabeko gozokiak. Guztira 90 nekazaritza-postu izan ziren 68 erakusketarirekin, gehienak Bizkaikoak.
Nekazaritza-arloaz gain, San Antontxu azokan ohikoa den beste arlo bat ere izan zen: abereena. Ganaduaren erakusketa eta salerosketan, ume eta helduek askotariko arrazak ikusi ahal izan zituzten, eta beraien bereizgarriak ikasi zituzten. Abereen standen ondoan, nekazaritza eta lorezaintzako makinak, baserrirako tresna edo lanabesak erakutsi eta saltzeko postuak ere jarri ziren, baita fruta-arbolak eta zuhaitz apaingarriak ere.
Bertoko eskulangileen erakusketa ere izan zen, harri eta zurezko tailu-lanekin besteak beste, eta gosetuenentzat txerriki errea Matxin Plazan.
Zalantza barik, San Antontxuko izarra Euskadiko Txorizo eta Odoloste Lehiaketa izaten da, oso klasikoa festa-egun honetan. Lehiaketaren XXI. edizio honetan, Mungiako Merkatarien Elkarteak antolatuta, berriro ere lapikoen usain gozoa zabaldu zen Mungia erdialdean, eta ohiko jaki hauen atzean dagoen lantze-prozesua erakutsi zitzaion jendeari.
Barazki-odolosteen kategorian, Lourdes Alegriaren Semeak, Bermeokoak, bereganatu zuen lehen saria, eta arroz-odolosteen atalean Mungiako Jon Orue izan zen irabazlea. Orozkoko Urigoitiko txorizoak lortu zuen lehen saria txorizoen atalean.
Bere burua estimatzen duen festa orok behar du animazio ona, eta hori ez zen falta izan San Antontxuren aurtengo edizioan ere. Trikitilariek, fanfarrek eta bertoko dantza-taldeak alaitu zuten eguna goizeko lehen ordutik, eta txu-txu trenak gauza bera egin zuen egun osoan, txikitxoenen gozamenerako.
26/01/2017 Kategoriak: Pasatutako Azokak Etiketak: Ferias