- Azokak
- Mungiako Baserritarren Eguna
Mungia
Mungiako Baserritarren Eguna
Noiz: Ekainak 26. 2016
Musika, abere-lehiaketa eta lurreko emaitzak Mungiako Baserritarren Egunean
Txistu eta trikitixaren erritmoan, joan zen ekainaren 26an “Baserritarren Eguna” egin zen Mungian, urtero egiten den nekazaritza- eta abeltzaintza-azoka, San Pedro jaien inguruan antolaturiko ekintzen barruan.
Bertaratu zirenek, goiz osoan, produktu pila ikusi zuten, inguruko baserritarrek ikusgai eta salgai jarriak. Batzuek fruta, barazki, ortuari edo gazta erosteko baliatu zuten aukera, baita askotariko onddo eta perretxikoak dastatzeko ere, Mungiako Mikologia Elkarteari esker.
Ezin bestela izan abeltzaintzako azoka batean, eta animaliek protagonismo handia izan zuten. Dromedario, llama eta zebrek kutsu exotikoa eman zioten erakusketari, baina bertoko azienda ere egon zen, noski, eta Betizu arrazako euskal abere-lehiaketa egin zen.
Handienek egunaz gozatzen zuten bitartean, Torrebiella Parke ingurua prestatu zen txikienen atseginerako, eta zaldiz ibili eta osteratxoak egin ahal izan zituzten poney gainean.
Azokaren ondoren, musikak bete zituen arratsaldeko orduak. Baserritarren postuen ostean, ekitaldiak izan ziren jende guztiarentzat: abesbatza, txistu-soinuak…, tartean playback eta diskofesta, eta amaitzeko rock kontzertua, ondo gautu eta gero.
05/07/2016 Kategoriak: Pasatutako Azokak Etiketak: Ferias