• Azokak
  • Leioako nekazaritza eta abeltzaintza azoka

Leioako nekazaritza eta abeltzaintza azoka

Noiz: Abenduak 10. 2017

Joan zen abenduaren 10ean, Eguberrietako jaiegunen atarian, Leioak bere ohiko nekazaritza eta abeltzaintza azoka bizi izan zuen, aurten hogeita hamargarren edizioan; urtero gure baserritarren produkturik onenak ekartzen ditu azoka honek udalerrira.

Herriko Boulevard aldean eta Jose Ramon Aketxe eta Errekalde plazetan goizeko hamarretatik aurrera baserritarren produktu-aukera zabala egon zen ikusgai eta salgai, horien artean nabarmenduz gazta, ogia, euskal pastela, ortuariak eta etxeko marmeladak. Hitzordua osatzeko, Euskal Baserri oilaskoz egindako hanburgesen dastapena izan zen, Eusko Label sagardoarekin batera.

Ume txikerrenek aukera izan zuten igande alaia igarotzeko beraientzat programaturiko jarduera askorekin, bereziki nabarmenduz pony gaineko paseoak eta BBK-k antolaturiko sukaldaritza-tailerra.

Azken jarduera honi esker, gaztetxoenek aukera izan zuten egun batez chef-aren txanoa jantzi eta ontzitxo gozo-gozo bat prestatzeko gailetak, intxaurrak, jogurta, marmelada eta eztia erabiliz.

40 haurrek baino gehiagok, zenbait txandatan banaturik eta senitartekoek lagunduta, era dibertigarrian ikasi zuten sukaldaritzan produktu osasungarriak eta bertokoak erabiltzearen garrantzia, adibidez Trazola intxaurrak, Errotik esne-behi jogurta, Urikoa eztia eta Santa Clara Baserria marmelada, guztiak BBK Azokaren webgunean eskura daudenak.

Abereen erakusketa ezagunaz gain, eta hor behiak, idiak, zaldiak, ahuntzak eta ardiak izan ziren, azokan grinaz esperotako lehiaketa ere egin zen, urtero azokako behirik politena eta astunena aukeratzen dituena. Laukizko Beñat Urbieta gaztearen “Ginebra” txahalak bereganatu zuen abelbururik ederrenaren saria, eta Abadiñoko Jacinto Iturriagaetxebarriaren behi xarolesak abelbururik pisutsuenarena.  

Baita ere egin zen Idiazabal jatorri-deiturako ohiko gazta-lehiaketa, aurten XIX. ediziora iritsia. Bizkaiko 8 ekoizlek parte hartu zuten lehiaketan, eta lehen saria Zeanuriko Ipiñaburu gaztandegiarentzat izan zen. Bigarrena Abadiñoko Aitor Urien ekoizlearentzat, eta hirugarren saria ere udalerri bereko Alicia Monederorentzat izan zen.

Kirolak eta musikak protagonismo nabarmena izan zuten egun osoan. Horren haritik, Errekalde plazan 10:30etik aurrera herri-kirol eta antzinako jolasen erakustaldia izan zen, eta Boulevarden euskal dantzak  Gure Ohiturak dantza-taldearen eskutik.

Uneoro azokan sekulako giroa izan zen trikitilari, txistulari eta Leioako Musika Bandaren erritmoekin. Jaieguna amaitzeko gazta-lehiaketako sariak banatu ziren, baita saltokien apainketa-lehiaketakoak ere, hemen Berangoko Momoitio baserriko Begoña Lumbreras izan zelarik irabazlea.   

INICIAR SESIÓN

Produktua saskira sartu da

1