- Azokak
- GORBEIAKO PARKE NATURALEKO 4. ABELTZAINTZA AZOKA
Orozko
GORBEIAKO PARKE NATURALEKO 4. ABELTZAINTZA AZOKA
Noiz: Maiatzak 13. 2017
Orozko, Zeanuri, Zuia eta Zigoitiko 200 abere edo azienda baino gehiago, gaur egun Gorbeiako parke Naturalean bazkatzen dutenak, beren habitat naturala laga eta Orozkoko hirigunean izan ziren joan zen maiatzaren 13an, egun hartan izan baitzen Gorbeiako Parke Naturaleko Abeltzaintza Azokaren laugarren edizioa.
10:00etan hasi zen Bizkaiko udalerri horretan azoka, parke naturalean eskualdeko abeltzainek egiten duten jarduera eta beharraren erakusleiho bihurtzen delarik urtero. Turismoarentzat benetan erakargarria, batez ere ekonomiaren sektore hau gogoko dutenentzat, aukera izan baitzuten goiz osoan 216 abelbururen erakusketa ikusteko: 120 azienda larri, eta 96 azienda xehe.
Abere-erakusketaz gain, Gorbeialdeko hamabi ekoizlek salmentan jarri zituzten udalerriko plazan beren nekazaritzako elikagairik onenetako batzuk: txorizoak, pastelak edo gaztak.
Orozkoko Udaleko Nekazaritza, Abeltzaintza, Mendi eta Ingurumeneko zinegotzia den Raquel Olavarriaren arabera, hain arrakastatsuak izan ziren gutizia gastronomikoak bertaratuen artean, ezen saltzaileek ordu erdi atzeratu baitzuten stand-en itxiera. “Ekoizle guztiek oso pozik amaitu zuten eguna; ez zuten espero hainbeste jende etortzea” esan du Olavarriak.
Herriko bizigunea den eta orozkotarrez eta bisitariz betea zegoen plazan, Arratia-Nerbioi eskualdeko garapen sozio-ekonomikoa sustatzeko ardura duen Gorbeialdea elkartearen turismo-stand bat jarri zen. Elkarteak jarritako photocall batean argazkiak egin zituzten adoretsuenek eta eskualdeko landetxe batean egonaldia egiteko zozketan sartu ziren.
Txikerrenek ere asko gozatu zuten plazan zeuden zurezko ume-jolasetan beren trebetasuna eta buru-argitasuna erakutsiz; eta gainerako guztientzat, taloaskaren erakusketa-tailerra izan zen: antzina Orozkoko artzainek Gorbeiako etxoletan erabiltzen zuten lanabes edo tresna taloa oratzeko.
Herri-kiroletarako zaletasun handia dagoen herri honetan, udal-pilotalekua mukuru bete zen “2017 Urrezko aizkolari banakako txapelketa”ren finalaurrekoa ikusteko, Iker Vicente kirolaria sailkatu zelarik; baita “Memorial Pastorkua” harri-jasotzaileen txapelketa ere, Joseba Ostolazak irabazi zuelarik 47 jasoaldirekin.
Berrikuntza teknologikoak ere izan zuen bere tartea Euskadiko abeltzaintza-azokarik tradizionalenetako batean, geolokalizazioko lepokoen erakusketarekin: tresna horrek, baserritik irten barik, abereak kontrolatu eta monitorizatzeko aukera ematen die abeltzainei.
17/05/2017 Kategoriak: Pasatutako Azokak Etiketak: Ferias