- Azokak
- Egun goxoa Berangon
Berango
Egun goxoa Berangon
Noiz: Maiatzak 01. 2016
Berangoko Nekazaritza eta Artisau Azokak 4.000 pertsona baino gehiago erakarri ditu
4.000 lagun baino gehiago izan ziren Berangoko XXIII. Nekazaritza eta Artisau Azokan joan zen igandean. Eguraldi ona, giro bikaina eta salmenta handiak izan ziren azokan, eta zenbait saltoki ordu bietarako itxi ziren salgai barik gelditu zirelako. Moreaga parkeak, imana bezala, berriro ere jende asko erakarri zuen, Uribe Kosta eta Getxo aldekoa, batez ere.
Leire Belaustegi, Arabako Izarra herrikoa, Euskal Herriko Euskal Pastelaren Lehiaketaren irabazlea izan zen bigarren urtez jarraian. Azoka-esparruan jendetza handia batu zen 13:00etatik aurrera, bertan nabarmenduz Simon de Otxandategi taldearen musika-animazioa eta zanpantzarra, 64 standen esparruan ibili zena.
Taldeak jarri zuen baserri tankerako txosnan ia edari guztiak amaitu ziren. 100 babarrun eta kroketa anoa eta 200 paella anoa prestatu ziren, eta euro bateko prezio sinboliko eta merkean saldu ziren. Nabarmentzekoak, halaber, kalitateaz eta aukera handiaz gain, Ossan-Iraty ekoizlearen Frantziako gazta erraldoiak eta Berangoko eskulangile edo artisauen presentzia garrantzitsua azokan, bertako Udalaren eta BBKren laguntza izan zuelarik.
Txema Izagirrek solasalditxoa egin zuen Leire Belaustegirekin, Euskal Herriko euskal pastelaren lehiaketaren irabazlearekin
Pastelak maitasunez
Pastelaren erregina bihurtzeko bidean zoaz?
2012an, 2015ean eta aurten irabazi dut.
Eta garaipenaz ahogozatzeko asmorik?
Bai, noski! Ondo gozoa da, egia esateko! Orain sariaz gozatu behar da, egiten duzuna ondo egiten duzula esan gura du-eta. Poz handia ematen du zuk egiten duzuna jendearentzat hain gustagarria izateak.
Zein da trikimailua?
Trikimailua? Benetan deus ez, deus ez, deus ez… Ez dago trikimailurik; artisauzko osagaiak, dena ekoitzi berria eta garbia izatea, dena natural eta kalitatezkoa, besterik ez.
Izarra gozogintzaren euskal mapan jartzen duzu, ezta?
Bai, azkenean zeure herriaren izena ezagutarazten duzu zeuk egindako beharraz. Egia esateko, horrek harrotasun handia ematen dit.
Nola sartu zinen honetan?
Gasteizkoa naiz eta Gujuliko mutil bat ezagutu nuen, haren familian gozogileak dira. Mutilaz maitemindu nintzen eta negozio honetan parte hartzera bultzatu ninduen; “Bai horixe!" esan nion.
Azkenean, errezetaren sekretua amodioa ote da, bada?
Kar-kar-kar… Pastelak erabateko maitasunez egiten ditut, eta horregatik dira hain gozoak!
02/05/2016 Kategoriak: Pasatutako Azokak Etiketak: Pastel Vasco