- Azokak
- Bermeoko Arrain Azoka
Bermeo
Bermeoko Arrain Azoka
Noiz: Maiatzak 19. 2017
Bermeo joan zen asteburuan kontserba- eta itsas industriaren erakusleiho bihurtu zen. Hiru egunez, Arrain Azokaren XXIII. edizioak nagusiak eta umeak, guztiak, harritu zituen bere jarduera-programa zabalaz, arrantzale-herri honen kultura, historia, gastronomia eta nortasun propioa ezagutzera emateko aukera izan delarik.
Festa ostiralean, maiatzaren 19an, hasi zen azoka 11:00etan ireki zenean; ondoren XXI. Hegaluze Saria eman zen, urtero Arrain Azokaren esparruan ematen dena. Aurtengo edizioan Bermeoko Eleizalde ikastolarentzat izan da saria, eta herriko itsas eta arrantza-ondarearen transmisioa belaunaldien artean bermatzeagatik aukeratu du epaimahaiak.
Larunbatean azokaren ezaugarri den beste ekitaldi bat izan zen, hots, batelen estropada: Arrain Azoka IV. Ikurriña, eta pintxo lehiaketako sariak eman ziren, aurten Bermeoko Kasinoak irabazi duena.
Edizio honen ardatza hau izan da: ozeanoak jagon edo zaintzeko duten erantzukizunaz herritar guztiak sentsibilizatzea. Horretarako, asteburuan zehar hainbat jarduera antolatu dira: adibidez, Ternua enpresaren eta Gipuzkoako baxurako arrantza-ekoizleen erakundearen (Opegui) Redcycle proiektuaren aurkezpena. Bi erakunde horien ekimenez, erabiltzen ez diren arrantza-sareak batzen dira Bermeo, Getaria eta Hondarribiko kofradien aldetik eta gero hari bihurtu jantzi tekniko iraunkorrak egiteko.
Arrain Azokan beste interesguneetako bat LOG (Lehena-Oraina-Geroa) deituriko gunea izan da, iaz lehen aldiz irekia eta tradizioa eta berrikuntza batzen dituena hainbat jarduera eta tailerren bidez. Gune honetan egin ziren, besteak beste, Jurgi Areita sushiman-aren erakustaldia, Echebastar sashimi atuna aurkeztu zuelarik, eta bertsolarien saioak ere izan ziren.
Hiru jaiegunetan zehar, publikoak aukera izan zuen arrain-kontserba onenak lortzeko, euskal ekoizleek eginak hartarakoxe jarritako 19 standetan. Halaber, Bermeoko antzinako Arrantzale Kofradiak bere ateak zabaldu zituen brasatako atun eta marmitakoaren dastatze solidarioa eskaintzeko, eta han baturiko dirua seme-alabak osasun-arazoekin dituzten familientzat izango da.
Bertoko itsas ondarea ezagutarazteko helburuaz, bai txikiek eta bai nagusiek, Mater itsasontzia ikusteko aukera izan zuten, Kofradia Zaharraren aurrean ainguratua, baita arrain-salmentaren itxura edo simulakroak ikusteko ere. Halaber, asteburuan zehar Hegaluze itsasontziak zenbait irteera egin zituen Elantxobe eta Gaztelugatxera. Nobedade gisa, azokaren edizio honetan hainbat bisita egin ziren Bermeo Nautika Eskolako nabigazio-simulagailura.
XXIII. Arrain Azoka ez zen txikerrenez ahaztu, eta hauek gune didaktiko berezia izan zuten, herriko itsas tradizioak eta ondarea erakusteko. Helburu horrekin, gaztetxoek hiru egunez tailer gastronomiko, joko eta erakusketez gozatu zuten.
Noski, dantza herrikoiak eta erritmorik jatorrenak ere han izan ziren: fanfarreak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, gaita-jotzaileak eta habanerak, eta hauek hasieratik amaierara arte animatu zuten azoka.
24/05/2017 Kategoriak: Pasatutako Azokak Etiketak: Ferias