- Azokak
- Azpi Gorri ahuntzaren azoka monografikoaren XXI. edizioa
Mañaria
Azpi Gorri ahuntzaren azoka monografikoaren XXI. edizioa
Noiz: Maiatzak 21. 2017
Azpi Gorri ahuntz-arraza autoktonoaren 116 buru egon ziren ikusgai Mañarian joan zen maiatzaren 21ean, abere-espezie horri eskainitako azoka monografikoaren XXI. edizioan.
Jai-girorik ederrenean, Azpi Gorri ahuntz-arrazaren Euskadiko Lehiaketaren bigarren edizioa egin zen herrian, Euskadiko Azpi Gorri Federazioak antolatuta, Mañariako Udalarekin lankidetzan. Berton Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 15 abeltzain izan ziren guztira.
Azpi Gorri arraza estandarraren ezaugarri morfologikoak izaten ditu lehiaketak kontuan, hau da, Euskal Abereak elkartearen arabera, arraza honek geruza iluna du degradazio gorriztekin sabelaldean, buru indartsua, aurpegi zabala eta adarrak uztai eran, beste berezitasun batzuen artean.
Elgoibarko Eider Mugerza abeltzainak lortu zuen lehen saria ahuntz-kategorian, eta Idiazabalgo Argoitz Maskarianok akerren kategorian. Abere-lote onenen atalean lehen postua Dimako Beñat Olazabalagarentzat izan zen.
Halaber, eta Azpi Gorri ahuntzaren okela balioan jartzeko helburu nagusiarekin, goizean 20 antxume erre ziren guztira, eta pitxo eran kontsumitu ziren.
Azoka monografikoarekin batera, Mañarian herriko Artisau, Elikadura eta Landareen azokaren XXII. edizioa egin zen. Herrian erroturiko tradizioa duen azoka da hau, eta bertaratuek aukera izan zuten 20 erakusketariren produktuak ─ besteak beste gazta, ogia, barazkiak, txakolina, txorizoa, eztia, patea edo loreak─ dastatu edota eskuratzeko.
Azken batean, Mañariak igande ederra bizi izan zuen, eguraldia lagun eta bertoko Andra Mari Dantza Taldeak alaituta. Txikerrenentzat, Udalak umeentzako tailerrak antolatu zituen, adibidez, lorategi eskegiak material birziklatuz eginak edo serigrafia landareekin.
Halaber, eta bi azoka horien esparruan, Andra Mari Elkarteak saltoki txiki bat jarri zuen herrian bigarren eskuko produktuak saltzeko.
25/05/2017 Kategoriak: Pasatutako Azokak Etiketak: Ferias