- Azokak
- 2016KO SAN TOMAS SARIAK
Bilbo
2016KO SAN TOMAS SARIAK
Non: Sala BBK
Noiz: Urtarrilak 11. 2017
Elikagai bakoitzaren atzean ahalegin, arduraldi eta iraunkortasuneko historia bat dago, horien uki, lurrin eta ahogozoetan murgilduz jakin dezakeguna. Elikagai hauen kalitateak etengabeko beharra eskatzen du bikaintasunaren bila, eta hori da BBK-k aitortzen duena duela bost urtetik hona San Tomas Sariak emanez; gure azoketan parte hartzen duten Bizkaiko nekazari eta abeltzainei egindako gorazarre edo omenaldia da.
Joan zen urtarrilaren 11n BBK Salan izan zen sariak emateko ekitaldia, Joseba Iriondo kazetari eta Kutxabankeko komunikazio-aholkulariak gidatua. Hasi baino minutu batzuk lehenago, trikitixak alaitzen zuen giroa, eta protagonistentzat arratsalde berezi eta zirraragarria iragartzen zuen, hasita baitzeuden Sala edo aretoa betetzen, jasoko zuten omenaldi bereziaren zain.
Epaimahaiak Txoñebarri baserriko (Gatika) Itziar Etxebarriaren beharra saritu zuen fruten kategorian, Momoitio baserriko (Berango) Begoña Lumbreras-ena ortuarien atalean; Santamañe Elkarteko (Markina-Xemein) Patxi Baskaran-ena gaztagintzan; eta Barrutia baserriko (Elorrio) Maite Leanizbarrutiarena okin onena legez.
Txakolin gorriaren kategorian, epaimahaiak Jose Domingo Txabarriren beharra aitortu zuen, Txabarri txakolina egiten baitu Zallan. Arkaitz Larrazabal, Urduñan Maisu Txakolina egiten duena, beltzaren kategorian saritu zuten; eta Iñaki Aretxabaletak, Lezamako Magalarte upategikoak eta IEUP txakolinaren egileak, zuri onenaren saria jaso zuen.
Saririk “gozoena” Igor Merinorentzat izan zen, Barakaldon “Eztizen eztia” egiten duenarentzat; Getxoko Juan Antonio Zabala beteranoa berriro igo zen agertokira abere bizien atalean; eta Iturburu baserriko (Gatika) Nekane Lopez izan zen landareen kategorian saritua.
Lehen sektoreko ordezkaririk gazteenak izan ziren saria jasotzen azkenak. Biortzatxu baserriko (Arrieta) Iker Villasana gailendu zen ekoizle gazteen artean, eta Lezamako Magalarte upategiko Amaia Aretxabaleta txakolin-ekoizleak jaso zuen stand onenari ematen zaion saria.
Ekitaldian Ciriaco Dañobeitia, joan zen abenduan zendua, ekarri gura izan zen gogora, Bizkaiko txakolingintzan erreferente bat baitzen. Bideo hunkigarri batek Ciriaco zein behargin maratza zen erakutsi zuen, duela bi urte omendu zuelarik BBK-k azoketako baserritarrik beteranoenetako bat izateagatik.
Sariak banatu ostean, jaialdia Maikrux eta Marikarmen bikote komikoak ‘eten’ zuen, Anjel Alkain eta Iñake Irastorza euskal umoregileak protagonizaturiko pertsonaiek. Bikotea aretoan ibili zen hara eta hona, ikus-entzuleen barre-algarak eraginez, San Tomas azoka zela-eta joan zen abenduaren 21ean filmaturiko sketch bat ikusi ahal izan zelarik.
Bizkaiko Gurutze Gorriko lehendakariari, Javier Zarragari, 20.717,54 euro eman zitzaizkion, San Tomas azokan jarritako txosna solidarioan baturikoak. Txosnan egon ziren BBKko behargin boluntarioak Zarragarekin eta BBKko zuzendari nagusiarekin batera agertu ziren ekitaldian, festa amaitutzat emanez.
Jakina, aurten ere izan zen sarituen ohiko familia-argazkia eta horren ostean mokadua, Bizkaiko ekoizleen artean esperientziak trukatzeko eta harremanak sendotzeko balio izan zuena; aurten 600 euroko txekea eskuratu ahal izan dute saridunek.
13/01/2017 Kategoriak: Pasatutako Azokak Etiketak: Ferias